Denok ditugu toki kuttunak eta Abadiñoko Mendiola auzoko pagadi zahar hau horietako bat da niretzat.
Ordu asko eman izan ditut bertan zain, ea zer parean agertuko. Askotan hauxe izaten da aukerarik onena argazki txukunak ateratzeko eta ipurdi azpian esterilla zahar bat jarri, tripodean kamera eta gainetik kamuflai sarea jarririk zain egotea da erabiltzen dudan estrategietako bat.
Pagadi zahar honek, okilentzako aukera desberdinak eskeintzen ditu. Alde batetik egur hilak izaten dituen xomorrotxo guztiak janari oparoa eskeintzen diote eta bestetik, habia egiteko erraz zulatu ahal diren pago enbor luzeak ere.
Egun horretan, denboratxoa neraman ezkutaturik eta euria hasi zuen. Askotan ez da jakiten zenbat luzatu gauzak jaso eta aldegin arte. Euria geldituko zen esperantzarekin, pixkat gehiago itxarotea erabaki nuen.
Okil haundiaren deia entzun nuen aurrena. Nundik zetorren ez nuen ikusten baina gertu zegoen eta halako batean, aurreko zuhaitz zahar hartan ikusi nuen. Bertan zeukan habia eta zerbait arraro igarri zuen bere ohiko basoan. Horregatik hasi zen pixkat aurrera eta atzera, enborrean gora eta behera.
Hortxen atera nion argazkia. Emea da argazkikoa, arrak kokotean kolore gorriko lumak bait ditu.
Nahiz eta okil handia deitzen dan, badira haundiagoak diren okilak gure basoetan.
Okil berdea bera ere, okil hau baino zerbait haundiagoa dela esango nuke eta bibliografia begiratuz, horrela dela zihurtatu dezaket.
Baina gure arten gaur egun haundiena den okila, okil beltza da.
Okil handiak 23-26 zentimetroko luzeera badu, okil beltzak 45-57 zentimetro izan ditzake eta nabarmena da beren arteko tamaina desberdintasuna.
Hemen beste argazki bat egun bertan ateratakoa.
Hiru aste beranduago, berriro hurbildu nintzen pagadira eta sorpresatxo bat jaso nuen.
Beti bezala, neure kamuflai sarea gainetik nuela eta itxaroten nengoela, okil gazte hau hurbildu zitzaidan oso metro gutxitara.
Ohikoa da gazteen kuriositate joera horrek bultzatuta gauza ezezagunak aztertzera gerturatzea eta kasu honetan horrelaxe izan zen.
Azkenik eta amaitzeko, baso honetan bertan ateratako beste argazki baten berri eman nahi dizuet.
Ea ezagutzeko gai zeraten honako argazki honetan agertzen den argiz kontrako katagorri hau.
Besterik gabe, berriro eskertu nahi dizuet kontakizuna irakurri dezuten guztioi eta animatu nahiko zintuzketet zeuen iradokizunak bidaltzen badizkidazue.
Aukera desberdinak dituzue: web orrian kontaktuko atala, behean agertzen den telefonora whatsappez eta info@basafauna.eus email helbidera zuzenduz.
Aio eta hurrengo hilabeterarte. Ondo segi eta naturaz gozatu!