Apirila bukaera eta Maiatzaren hasierak basafauna pil pilean jartzen ditu. Udaberriarekin bat, generazio berriak aurrera ateratzeko lanetan, gurasoak jo eta ke ibiltzen dira eta honek animalia desberdinak normalean baino ikusteko aukera gehiago ematen dizkigu.
Berrizko baso batean nenbilen, okil berde familia bati jarraipena egiten. Gurasoak elkarlanean zebiltzan, txitoak hazteko karrera horretan janaria ekarri eta ekarri. Asko harritzen nau zein hegatzen diren hegaztiak. Jaio eta hilabete bueltan, hortxen izaten dira gehienak habitik kanpo.
Ordu asko eman nituen okilen zain. Ezkutaturik kamerarekin, ematen zizkidaten aukera txikiak ahalik eta ondoen aprobetxatzen eta horietako batetan, arratsaldeko azken argiak ia ihes egitera zioazela, neure atzean zaratatxo bat entzun nuen.
Garbi zegoen zerbait zebilela atzeko haritzean eta poliki poliki, buelta eman nuen han zebilena ez bildurtzeko.
Poza hartu nuen katagorria ikustean. Ilunabarra gainean, mendebaldeko azken argiak kontra nituela, adartxo batetik pasatzen atera nizkion argazkiak.
Hemen katagorriari atera nion beste argazki bat. Exposizio argiagoarekin, detaileak hobeto ikusten dira.
Onezgeroz jakinean zaudete zenbat gustatzen zaizkidan gorritxo hauek eta momentu batez, okilei kasu egitea utzi eta zuhaitzetako malabarista honi argazkiak ateratzen gustora ibili nintzen.
Uste det, hementxe egin nuela neure errekor pertsonala. Ezkutatuta itxaroten egin dudan egonaldirik luzeena okilei itxaroten eginikoa izan dela esango nuke.
Zazpi ordu eta erdi egon nintzen lurrean etzanda, kamuflai mantapean. Jaiki nintzenean ezin nintzen ganoraz ibili eta kosta zitzaidan ankak neure onera ekartzen.
Amaitzeko, katagorriaren adarretik hamar bat metrora zegoen okilei eginiko bideoa uzten dizuet.
Eskerrik asko irakurtzeagatik. Ondo segi eta hurrengo hilabeterarte.