Hemen dakarkizuedan hegaztiak, ur garbiko errekak ditu gogoko. Ur zozoa euskeraz eta izen zientifikoz, Cinclus cinclus bezala ezaguna.
Berak jaten dituen hainbeste zomorrotxoren bizileku dira erreka hauek eta haruntz eta honuntz, hor ibiltzen da uretako zozoa murgil egin eta ur azpian ehizan.
Martxoko argazkiko ur zozoa, Azkoitiarra da eta Urola ibaiara datorren errekatxo bat batzen diren inguruan ikusi izan det askotan.
Errekatxoa tunel moduko pasabide batetik dator Urolara eta hantxe barruan egiten du habia urtero, harrapariengandik urruti.
Ur zozoa oso ondo moldatzen da ur azpian eta efemeropteroen eta burruntzien larbak ditu janari bere dietaren gehiengo haundi batean.
Ondorengo argazkian, hegazti bera pixkat lehentxeago moko bete janariz nola agertu zen ikus daiteke. Kasu honetan, intsektuen larba pilo batekin.
Leku berean ateratako beste pare bat argazki ere hemen dituzue. Aurrenekoan ere moko bete eta bigarrengoan, urte bat lehenago ateratako argazkian, bere burua atontzen ibili eta geroko estiramentu modukoak eginez.
Egutegiko martxoko argazkian aldiz, ezkailu batekin ageri da. Nahiz eta arraroa denik ezin daitekeen esan, ez da oso ohikoa eta arrainek bere dietaren oso zati txiki bat besterik ez dute osatzen.
Egia esateko, intsektu larbekin konparatuz harrapatzen zailagoak izango direla imajinatzen det eta hori izan daiteke arrazoietako bat.
Askotan egiten duen gauza bat, habira sartu aurretik nunbaiten gelditu eta albo guztietara begiratzea izaten da. Badirudi arriskurik ez dagoela zihurtatzea nahi izaten duela. Momentu ona izaten da kamuflatuta dagoen argazkilariarentzako argazkia ateratzeko. Ezkailu hori ikusirik, proteina iturri ederra jasoko zuen arraintxoa tokatu zitzaion txitoak.
Azkenik, urte bat lehenago grabatutako bideoa nahi dizuet erakutsi. Kamuflai sarearen azpian nengoen eta oso oso gertu jarri zitzaidan bere burua atontzen.
Barkatuko didazue bideoaren egonkortasun falta baina tripoderik gabe, kamera eskuz helduta grabatu behar izan nuen eta horixe da bideoa hainbeste mugitzearen arrazoia.