Gustoko dut Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala. Batibat, bere ekialdeko mugaldea. Ez da hainbeste jende ibiltzen eta basafauna ikusgarria du.
Elurra dagoenean joateak ere, beste balio bat ematen diola iruditzen zait. Baina ez da erraza elurra neurrian egokitzea. Gehiegi badago, ezin igo kotxez. Gutxiegi badago, argazkietarako nahi den emaitzik ez. Ondo aukeratu behar eguna.
Argazki hau, Tozal de Basones-etik dago aterata (2131 m). Eguna argitzerako komeni izaten da goian egotea, ondoren eguzki gogorra irtetzen bait da eta argazkilarioi ez zaigu batere gustatzen argi gogorrek sortzen dituzten itzal markatuak.
Bertara bizpahiru alditan joana naiz. Gehienetan ugatzen bila joaten naiz baina gustora hartzen ditut gainerako animali guztiak ere: sarrioak, erbiak, basurdeak, sai arreak, arrano beltzak, miruak... Badago zer ikusi.
Sarrioak, elurretan errez ibiltzen diren arren, negu partean beheraxeago jeisten dira janari bila. Askotan bezala, otsaileko argazkian agertzen den sarrioak, aurrez ikusi ninduen eta ihesi hasi zen berehala. Kamera eskutan, ihesaldian argazki batzuk egin ahal izan nizkion aidean ere harrapatuz. Ondoren, segundu batzuz, neuri begira gelditu zen.
Taldekideak, aurrerago zeuden. Beste batek ere, oparitu zidan beste argazki bat. Honetan Añisclo arroilaren paretak atzean direlarik, ezpainetan belar mutur bat bistan, neuri begira distantziak ongi neurtuz.
Azkenik, hain polita ez den baina parean tokatu zitzaidan sarrio gaixo baten argazkia ere erakutsi nahi dizuet. Queratoconjuntivitis Infecciosa izeneko gaixotasunaren ondorioak direlakoan nago. Erdi edo guztiz itsututa zegoela zirudien. Geldirik ia erabat eta mugitzen zenean, oso trakets. Zihurrenik ez zuen amaiera onik izango baina batzuen ezbeharrek, beste batzuentzako zoriona dakar. Naturaren jokoa horixe da.