2017ko urrira garamatza argazki honek.
Hain gustoko dudan Riaño inguruan nenbilen egun hartan. Eguna argitu aurretik, basakatuen bila ibilia nintzen eta ondoren, mendira igo eta sarrioen atzetik.
Egun biribila zebilen irtetzen zebilen eta emaitzekin gustora nengoen jada baina arratsaldez, kotxea hartuz inguruko bazterrak ikuskatzea erabaki nuen. Metodo hau nahiko egokia da lurralde zabal bat denbora gutxian exploratzeko eta beti ere horrelako lekuetan animaliak ikustea posible dela sinetsiz, halaxe ekin nion.
Mendi portu bat igotzen nenbilela, urrutira azeri hau ikusi nuen zelai batean. Urruti zegoen baina kotxea bide bazterrean utziz, berarengana hurbiltzea erabaki nuen, saiakera bat egiteko.
Elkarren tartean, zelai desberdinak eta errekatxo bat ere bazegoen eta nolabait, ia berarengan iritxi arte, ezkutuan hurbiltzeko aukera izan nuen.
Iritxi nintzenean, kontu haundiz argazkiak egiten hasi nintzen eta hasieran ez zen konturatu ere egin. Bere horretan zebilen zelaia goitik behera aztertzen. Minutu pare bat neure aurrean eta belar artean izan nuen hemen ikusten dituzuen argazkiak ateraz. Bata arratsaldeko argi urreztatuaz blai eginda eta bestea exposizio jetxiz, gaueko argiz kontrako irudia dirudiena lortuz.
Azkenik esan zelai hau eta inguruko bailara osoa armiarma sare edo hari modukoez beteta zegoela. Baina guztiz beteta. Saiatu nintzen fenomeno horri buruz informazioa aurkitzen baina ez nuen lortu. Norbaitek jakingo balu, eskertuko nioke informatzea.
Vulpes vulpes
Vulpes vulpes