2022ko urtarrilaren 21 ostirala zen eta arratsalde hartan Gorkak berak ateratako argazki bat bidali zidan mobilera. Harrituta gelditu nintzen guztiz: Itsas txakurra!
Nire aurreneko galderak betikoak: nun? noiz? oraintxe? nola ba?
Korronteek eta eguraldi txarrek bultzatuta, ia negu guztietan agertzen omen dira Kantauri itsasaldean itsas txakur gris (Halichoerus grypus) gazteren batzuk. Niretzako gauza berria zen hau eta egia esateko, nahiko exotikoa.
Kasu honetan, Elantxobeko porturaino iritxi zen txikitxo hau eta ez omen zuen erakusten inungo beldurrik bera ikustera hurbiltzen zirenekiko.
Hurrengo goizerako baneukan plana. Eguna argitu baino lehenago, bertan egoteko ideiarekin irten nintzen etxetik goiz. Goizeko lehen argi goxo horrekin argazkiren bat lortu ahal izango banu...
Hor hasi nintzen portuan aurrera eta atzera ea nunbaiten ikusiko. Egusenti poli bat zetorrela zirudien baina argi faltan, oraindik ezin aurkitu itas txakurra.
Halako batean, uretan zerbait ikusi nuen baina segidan konturatu nintzen ez zela nire helburua. Hala eta guztiz, aurreneko aldiz ikusten nuen hegazti bat zen portuan arrantzan zebilena: Ubarrroi mottoduna. Txorizaleek aurreneko aldiz hegazti bat ikustean diogun moduan, bimbo egin nuen. Kasu honetan, nahiko egoera eskaxean dagoen hegaztia da hau baina zorionekoz, oraindik gure kostaldean aurkitu ahal dira.Â
Eguna altxatu eta ez zen ezer ageri eta esperantza galtzen hasi nintzen. Igual beste nunbaitera joanda egongo zen edo portura arratsaldez bakarrik agertzeko ohitura izango zuen... Nork jakin.
Baina halako batean, neure azpian agertu zen urpetik berdel bat janez. Minutu batzuk portuko uretan egon ondoren, ranpara habiatu zen eta ni goitik korrika aurrea hartzeko ea argiz kontrako argazkiren bat lortzen nuen.
Lurrean etzanda, ikuspuntu on bat lortuz eta eguzkiak atzetik jotzen ziola, argazki zaparrada ederra bota nion.
Berdela jaten
Argiz kontra muturra eta bigoteak
Pozik eguzkiaz gozatzen
Ez zen gizakien beldur eta horrek ere ez zion azkenean ezer onik ekarri. Handik egun pare batera, irentsitako amu baten ondorioz, amaitu zitzaizkion gaztetxo honi eguzki epeletako egonaldiak. Nahiz eta Gorliz-eko errekuperazio zentrora eraman zuten, ezin izan zioten amua kendu eta huraxe izan zen bere azkena.
Azkenik, hemen uzten dizuet mobilarekin eginiko bideo txiki bat (6"). Oroipen politen bat gutxienez kontakizuna ondo amaitzeko.