Belatz handiaren jarraipena egiten nenbilen azken asteetan. Beñaten laguntzarekin, teleskopioz Aitz-Txiki ingurutik Eguzkiaurreko paretetara Belatz handiak urte hartan habirako hartu zuen harkaitz zulora begira denbora luzez. Habian mugimendurik ez genuen ikusten eta bazirudien okerrena gertatu zela. Bigarren urtez jarraian, Atxarteko Belatz handi bikoteak ez zuen arrakastarik izango.
Nahiz eta hori albiste txarra izan, beste aurkikuntza berezi bat egin zuen Beñatek. Eguna amaitzen ari zen eta argi gutxi izan arren, teleskopio bidez bere begi zorrotzek zerbait berezia ikusi zuten Untzillaitzeko harkaitz tontorretan: Harkaitz zozo gorria.
Kumatzera guregana etortzen den kutizia hau, oso zaila egiten zaigu Urkiola aldean topatzea eta benetan maitea da txorizaleon artean. Zaila izateaz gain, oso janzkera politeko hegaztiak bait dira.
Adiskide onez inguratzea beti da oso lagungarria eta horrela izan zen Juankarrekin ikusketa hau elkarbanatzea. Berak ere adierazi zidan Untzillatxeko beste puntu batean ere ikusi zutela baina guk ikusi genuen tokia baina askoz gorago zegoen beste puntu batean.
Handik pare bat egunetara, mendi zaletasunak eta animaliekiko afizioak, errez bultzatu ninduten Untzillaitzeko maldetan gora egitera.
Aurreneko igoeran, lortu nuen hegaztia aurkitzea baina eguzki gogorretan izan zen. Nahiz eta pozik ikusketa egin nuelako, ez nintzen hain gustora gelditu lortutako emaitzarekin.
Hala ere, kolore bizienak dituen bikoteko arra harrapatu nuen argazkian. Emea ere ingurutik zebilen baina bere bikotea baina askoz izuagoa zen eta ez zidan aukerarik eman.
Konforme ez nintzenez, askoz gehiago atzeratu gabe hurrengo egunean bertan igo nintzen berriro. Goizean goiz, argi gozoenak aprobetxatuz. Lehenik eta behin, aurrena bere joera aztertzen saiatu nintzen.
Aurreko egunean ere ikusi nuen zein harkaitz tontortxo zituen eta hurrengo egunean ere gustoko zituela ikusirik, apustua egin eta bat aukeratu nuen. Ondoan jarri nintzen neure traste guztiekin: kamera tripodean eta kamuflaiko sarea gaindik.
Animali askok duten joerak dira bai kuriositatea eta bait bere ingurunea defendatzea. Honek ere horrela egin zuen nire zorionerako eta zain geratu nintzen lekura agertu zen pare bat aldiz. Kameraren txartelean altxortxo bat nekarrela iruditu zitzaidan etxera bidean.
Harkaitz zozo gorria (Monticola saxalitis)
Harkaitz zozo gorria (Monticola saxalitis)
Harkaitz zozo gorriari dagokion kontakizuna amaitzeko eta honeraino iritxi zaretenontzako pentsatzen dut bideo bat gustora ikusiko dezutela. Nahiz eta ez den argazkikoari dagokiona baizik eta aurten bertan Juankarrek eta biok jarraipena egin diogun beste bikote bati dagokiona, hemen uzten dizuet bideotxo bat. Ea gustoko dezuten.