Basafauna ikusteko oso gomendagarria da goizean goiz edo arratsaldez berandu ibiltzea. Ordu horietan zerbaitekin topo egiteko aukerak biderkatu egiten ditu eta Apirileko argazkian agertzen den Urubi bikotea era honetara topatu nuen.
Egia esanda, hiru anai arreba ziren. Kasu honetan, bi elkarren ondoan jarri ziren eta hirugarrena inguruko beste zuhaitz batean.
Arratsaldez nahiko berandu irten nintzen Urkiolako ingurutik eta kotxera iritxi baino pixkat lehenago dagoen pagadi batera iristerako gaua guztiz gainean nuen. Frontala jantzita, basoan behera nentorren eta soinu bat entzun nuen.
Gelditu gabe zebilen txioka eta poliki poliki hurbiltzen hasi nintzen ze hegaztik egiten zuen jakin nahian. Azkenean, horrela aurkitu nuen Urubi gazte bat. Frontalaren argiarekin begiak piztuta neuri begira.
Urubia (Strix aluco)
Urubia (Strix aluco)
Hurrengo egunetan, ilundu baino ordubete aurretik itzuli nintzen eta pagaditik bueltaka ibiltzen ziren. Nahiz eta argi faltak argazkiak ateratzeko aukerak asko mugatzen zizkidan, basoaren mugara hurbiltzen ziren heinean argi gehiago izaten nuenez eta kameraren ISO sentsibilitaea behartuz, zerbait lortu ahal izan genuen.
Dena dela, argazkiak baino esperientzia askoz ere aberasgarriagoa izan zen.
Amaitzeko, nahiz eta kalitatez oso eskaxa izan, bideotxo bat ere uzten dizuet.