Noizbaiten kontatu dut gehienbat ondo desberdindutako bi teknika erabiltzen ditudala basafaunaren argazkiak lortzeko.
Bata, kontuz ibiliaz ea zer agertuko den esperantzarekin kamera eskuetan dudala.
Bigarrena berriz, aurrez aukeratutako eta egokia deridotzan leku batean jarriz, kamera normalean tripodean eta gainetik kamuflaia erabiliz izaten da. Geldik egon eta itxaron ea zerbait hurbiltzen den.
Orkatz honen kasuan, bigarrren teknika hau erabiliz lortu nuen argazkia.
Banekien Otxandioko haritz baso horretan orkatzak ibiltzen zirela eta goizean goiz joan eta basoaren erdian jarri nintzen gainetik kamuflai sare bat jarrita. Denboralditxo batetara, orkatz hau hurbildu zen bere ingurunean agertu zen elementu arraro hari begira eta poliki poliki metro gutxitara jarri zitzaidan.
Urtebeteko ar gazte honek ia erabat askatuta zeukan bere adarretako azal belusa. Segur aski, aspalditxo botako zuen amak familitik eta basoan bere lurralde propioa lortzea tokatuko zitzaion.
Orkatzek hainbat gauza berezi dituzte beren izakeran baina lehen aldiz entzuten dutenek, beti gogoratuko dute nola egiten duen zaunka. Hemen uzten dizuet Oñatin grabatutako bideo eskas bat baina bertan entzun ahal izango dezute diodan zaunka hori.
Amaitzeko, asko gustatu zitzaidan liburu bat gomendatu nahi dizuet. Egileak berak orkatzekin bizi izandako experientzia erreala.