2024ko maiatzeko argazki honek, 2022ko maiatzera garamatza.
Udalaitzeko belatz handi bikoteak, hiru txita atera zituen aurrera eta Iñigo Zuberogoitiak eraztuntze lanaldira gonbidatu ninduen. Nire lana ez zen beste mundukoa. Nolabait, gurasoei argazkiak atera dokumentazio modura. Adibidez, argazki hauek ondo etortzen dira hurrengo urteetan bikote berak jarraitzen duen baieztatzeko.
Argazki hauetan ikusten dira habitik hartu berriak ziren bi txita. Aurrenik neurri biometrikoak hartzen zaizkie. Amaitzeko, eraztundu egiten dira eta beren habira itzuli.
Nahiko trakets ibili nintzen egun hartan eta arazo teknikoak medio, ezin izan nuen helduen argazkirik atera.
Dena dela, gauzak horrela ez zirela geldituko esan nion neure buruari eta nahiz eta ibilbidea erraza ez izan, handik hiru asteetara bueltatu egin nintzen eguna argitu aurretik.
Eguna argitu eta handik gutxira, habitik txitoen ama nola irtetzen zen ikusi nuen. Hiru ordu beranduago, aurrez berak nahiko janda zekarren uso baten gorpuzkinarekin agertu zen.
Ondoren desagertu egin zen dagoenekoz hegatuta zeuden bere txitoei eskeintzera baina argazki batzuk atera ahal izan nizkion. Hemen gertu egin zidan hegaldi batean ateratako beste bat.