Urtean behin gutxienez itxasontzi irteera batean partea hartzea gustatzen zait eta Lekeitioko Kulixka Isuntza itxasontzia izan da horretarako nire lagun.
Itxasoko hegazti eta itxas ugaztunen hadituen artean, asko ikasteko aukera egoten da eta sare sozial bidez ezagutzen den jendeari aurpegia jartzea ere beste alderdi erakargarri bat izaten da niretzako.
2022ko udaran egindako irteera hartan, Ekaitz-txoriak (Hydrobates pelagicus) deitzen diren hegazti txiki eta akrobatiko hauek ikusteko aukera izan nuen. Olatuen gainean oinez ibiliko balira bezala egiten dituzte askotan pasadatxoak. Bestalde, oso bizkorrak dira eta zailak argazkitan gertu eta ondo harrapatzeko.
Argazkikoa Ekaitz-txori txikia da baina beste hainbat ere izan badira, adibidez Wilson ekaitz-txoria. Hadituak hor ibiltzen dira hain ohikoak ez diren beste ekaitz-txorien zain baina besteok, edozein ikusita ere pozik gelditzen gera.
Kutizia honetaz gain, gabai batzuk ere jaso ahal izan nituen argazkitan. Pare bat uzten dizkizuet adibidez gisa.
Nahiz eta irteera hauek inungo ikuskizunik aurrez ez dizuten bermatuko, guztiz gomendagarria da txango bat egitea komentatutako Kulixka itxasontizan. Ez zaizu damutuko eta lurretik ikusten ez diren gauza eta animali interesgarriak ikusiko dituzue.
Calonectris borealis
Ardenna gravis